Bideojokuen Diseinua Toronton I: Hortaz, joku diseinatzailea izan nahi al duzu?  

Posted by Unai in

(Read in English) (Leer en español)

Lehenengo lauhilabetearen erdia pasata Bideojokuen diseinua ikasten Toronton, orain arte izan dudan esperientziari buruz idatzi egingo dut. Alde batetik, asmo horretarako baita nire BITácora, nire bizitzaren frikadak kontatu ahal izateko. Bestalde, duela gutxi ni bezala, honi buruz dagoen informazio eskasaren artean zeozerren bila zaudetenoi laguntzeko asmoz. Hortaz, espero dut batzuentzat erabilgarria eta beste batzuentzat interesgarria den zerbait idaztea.

Hainbestetan gertatzen zaidan bezala, idazten hasi eta kontrola galdu egin dut guztiz. Beraz, hau ez da lehenengo atala baizik. Laster bigarren bat idatziko dut ikasten ari naizen programa zehatza deskribatzeko (hura baitzen sarrera honen asmoa hasieran) eta gehiago idatziz joango naiz kurtsoak aurrera egin ahala. Baina, oraingoz, oinarriekin has gaitezen.

Interesatzen zaizuna bideojokuen diseinua bera ez bada ere, sarrera hau erabilgarria gerta litzaikezu bideojokuen industrian bestelako lan bat lortu nahi baduzu edo Informatikan gradua duen eta atzerrira etorri nahi duen norbait bazara.






Bideojokuen diseinua

Hasteko, "bideojokuen diseinua" zer den argitu nahi dut, nire masterretik kanpo jende gutxik ulertu du hasieratik zer ari den diantre ari den ikasten Unai. Ulertzea ez da erraza, bideojokuen industrian bertan definizioak azko alda baitaitezke, zeini galdetzen diozun arabera. Askok ulertzen dutena, pertsonaiak diseinatuko ditudala edo, Mario edo Zelda Link bezala, baina ez da hori. Beste batzuk, logikoki, nire programatzaile eta software ingeniari ikasketekin erlazionatzen dute, baina hori ere ez da.

Azkenaldian, hura definitzeko aurkitu dudan modurik errazena hau da: bideojoku baten diseinatzailea, filme baten zuzendariaren baliokidea da. Diseniatzaileak ez du zertan ideia sortu behar, zuzendariak filmearen gidoia idaztea beharrezkoa ez duen antzera. Eta diseinatzailea, jakina, ez da diseinu grafikoa egiten duena ezta kodea idazten duena; zuzendaria, normalean, aktore ez den bezala, edo kamera erabiltzen ez duen beazala. Ez: diseinatzailea ideia bat hartu eta benetazko zerbaitean bihurtzen duena da, atal tekniko eta artistikoak produktu koherente eta atsegingarri batean batzen dituena.

Eh, horrelako zeozer.


Bideojokuen diseinatzailea izateko, beraz, hainbat abilidade eta ezagutza behar dira. Jokuen fundamentu tekniko eta artistikoak ezagutu behar dira. Gainera, gaitasun gehiago ere komeni dira, noski. Esaterako, komunikatzeko ahalmen handia, istorioak eraiki eta idaztea, taldean lan egin edota buru izatea, etab. Institutotik atera berri den norbaitek ezaguera nahikoa oraindik ez duenez, Bideojokuen diseinua hemen, George Brown College-en, posgradu bat da. Ez ezazu espero espezialitate hau duen eskola (on) bat, zuzenean diseinura bideratuko zaituena. Baina ez desesperatu egiten ari zaren karrera honekin zerikusia ez duela uste baduzu, edozer izan baitaiteke erabilgarri. Nire klasean denetarik gaude: programatzaileak, artista mota asko (2D, 3D, animazioa, filmak...), idazleak, publizistak, ingeniari zibilak...

Hortaz, pertsonaiak eta munduak eraikitzea atsegin baduzu, ezin baduzu saihetsi joku baten mekanikak aztertzea, rol partidak zuzentzen ona bazara, teknologia berriak joku berriak egiteko nola erabili pentsatu baduzu... eta ez badago ezer ez nahiago duzuna, beste pertsonak ondo pasatzeko modu baten bila zuk ondo pasatzea baino... Bideojokuen diseinua zuretzat da.
.
Extra Credits-en bideo hau ikustea gomendatzen dut: So you want to be a game designer. Orokorrean, gorde ezazu webgune hori, erraminta oso erabilgarria baitira dituen bideoak




Beste bide batzuk bideojokuen industrian sartzeko

Jokuen diseinuaren guzti honek ez bazaitu konbentzitu edota oraindik ez bazaude ziur zein espezialitate hartu nahi duzun, ez arduratu, industira beste ate asko baitaude. Horien artean, bideojokuei buruz, orokorrean, diren karrerak, geroago espazializatzeko. Baina ez zaitez edozertan sartu eta hor konpon. Jarraian, George Brown College-ren Game Design programa aukeratzera eraman ninduten webgune batzuk jartzen ditut, beste aukeretarako ere aproposak izango zaizkizunak:

  • GameCareerGuide.com osorik (hemen). Bere "aholkulari digitala" da interesgarriena, zuretzat aproposa den zentra bilatzeko laguntza handia.
  • Informazio asko, bideojokuen industrian zein lan dauden (hemen).
  • Zer esan nahi duen diseinatzaile bezala hastea, eta esteka interesgarri asko, A Digital Dreamer-en (hemen).
  • Zer behar den industriaren bide bakoitzetik jorratzeko, Blitz Game Studios-en arabera (hemen).
  • Ohiko galderak (eta erantzun interesgarriak) industrian sartzeari buruz, gamedev.net-en arabera (hemen).

Beno, ageri den bezala, bideojokuen zeozer ikastea abentura handi bat da iada. Karrera gehienekin, batek badu ideia bat zertaz doan. Baina bideojokuen munduan, ahal den informazio guztia biltzea eta zer egin nahi den argi edukitzea komeni da.

Hortaz, Extra Credits-en bideo gehiago jarriko ditut, karrera zehatz batzuei buruz: So you want to be a producerSo you want to be a developer (part1) eta So you want to be a developer (part 2).



Zure kabuz ikastea

Baliteke askok, puntu honetara iristean, bere buruari galdetzea: benetan al da beharrezkoa bideojokuen karrera edo master bat ikastea industria horretan sartzeko? Baliozko galdera da eta erantzun pozgarria du: noski ezetz.

Batzuek jakingo duzue iada tituluak edukitzeak garrantzi gutxi duela bideojokuen industrian. Esperientzia izatea da garrantzitsuena. Bideojokuen programatzailea izan nahi baduzu, ikasi ahal bezain beste tresna eta saiatu gauza desberdinak egiten. Bideojokuen diseinatzaile grafikoa izateko, portfolio on batek edozein titulu baino gehiago balio du. Eta bideojokuen diseinatzailea izateko, inorri ez zaio axola zeinen onak diren zure ideiak, baizik eta ea ahalmena duzun horietako bat hartu eta bertatik joku bat ateratzeko; ea prozesu guztia, joku oso bat egiteko gai zaren.

Ikasketa akademiko batek, noski, hainbat abantaila ditu. Ezaguera modu estrukturatuan jasotzea, lanaren balorazioa eta feedback-a jasotzea, industria barneko jendea ezagutzea, zure ideiak probatzeko giro egokiena... eta, niretzat garrantzitsuena, berdina nahi duten ikaskide batzuekin erlazio on bat garatzea. Hainbat buru sortzaile eta sutsu biltzen direnean sortzen dira proiektu onenak.

Baina batek bere kabuz ikasteak ere abantaila asko ditu. Adibidez, zure erritmoa aukeratu ahal izatea, zure kabuz gauzak egin eta bilatzeko gaitasuna garatzea, irakasle eta ikaskideen kalitatearen menpe ez egotea, eta askoz merkeagoa da. Ez da beharrezkoa esatea bide honek ziurtasun eta disziplina erraldoiak eskatzen dituela, helburutik ez desbideratzeko.

Bide honentzat ez dut estekarik jarriko... Internet webgune interesgarriz beteta dago eta zure kabuz ikasteko batzuk bilatzeak, beharrezkoak diren gaitasun batzuk garatzen lagunduko zaitu iada. Zorte ona izan!



Kanadara etortzea

Hasteko, galdera hau erantzungo dut: zergatik Kanada? Etorri aurretik, hemen ez nuen ez bekarik, ez seniderik, ez ezagunik; hortaz, hainbatetan egin didaten galdera da. Lehenengo arrazoia sinplea da: bizitza osoan zehar Donostian ikasi eta gero, handik alde egin eta gutxienez urte bat pasa nahi nuela ahal bezain urrutien. Eta Donostia oraindik munduko hiririk onena iruditzen zait, baina bestelako lekuak ere ezagutu behar dira. Bigarren arrazoia, nik hitz egiten ditudan hizkuntzen artean, Kanada bat zetorren bilatzen nuenarekin. Bideojokuekin erlazionatutako programa ugari ditu eta interesgarria eta hara bidaiatzeko erraza dela pentsatu nuen. Hirugarren arrazoia, gobernuak bideo jokuen garatzaileei ematen dizkien diru laguntzei esker, Kanada oso argi jokatzen ari da eta bideojokuen industriaren zati garrantzitsu bat bertan kokatzen ari da. Toronto industriaren buruan dagoen hirietako bat da, proiektu indie on asko hemen hasten direlarik.


Xehetasun gehiegirekin denbora galdu nahi gabe, agiriak lortzea, bizitzeko toki bat bilatzea, dena prestatzea, etab. erraza dela esango dut. Hobeto esanda, erlatiboki erraza. Prozesuaren zati handi bat jasangaitza da, bai, baina Kanadak beste herri batzuk baino erraztasun gehiago ematen ditu. Nik aurkitu nituen oztopoen artean, nahi baino beranduago hasi nintzela, udan zehar inmigrazioko langileek izan zuten greba, eta bidali behar nuen dokumentuetariko bat galtzea ere. Eta hala ere, Torontora aurreikusitako datan iritsi nintzen inolako arazorik gabe. Unibertsitateko izen emate prozesua ere, gehienbat arazorik gabe gertatu zen.

Hala ere, adi egon behar da. Prozesua lehenbailehen hastea komeni da eta atzerapenak egon daitezkela aurreikusi. Baliteke bertatik zatozen herriaren arabera prozesua luzeagoa izatea edo zure herriaren agirien prozesu guztia motelagoa izatea. Eta, egia esan, hemen bizitzea ez da merkea, batez ere gastuak konpartitzeko norbaitekin ez bazatoz.

Azkenik, azpimarratu behar dut ingelera maila nahikoa edukitzearen garrantzia. Hasteko, bertako jendearekin komunikatu ahal izateko. Ez duzu gaizkiulerturik izan nahi errentariarekin edo aduanako agenteekin. Lana lortzea espero baduzu, eta hura jendaurrekoa bada edo lankideekin komunikazio ona behar bada (eta bideojokuen diseinuak biak dira beharrezkoak), ingelera maila are handiagoa beharko duzu. Zer esanik ez unibertsitate batean ingeleraz ikasteaz. Ziur egon maila oso altua behar dela horretarako, batez ere graduondoko programa bat bada!



Beno, askoz gehiago idatzi ahal nuke, baina uste dut oraingoz nahikoa dela. Adi egon, laister sarrera berri bat argitaratuko baitut egiten ari naizen masterra zertan datzan eta bertan zer egiten dugun azaltzen. Uste dut nahiko interesgarria izango dela.

Sortzen zaizun edozein zalantza, edozein, gai hauetako bati buruz, gustu handiz lagunduko zaitut. Idatz iezadazu mezu bat unai@leitzaran.net e-posta helbidera edo utz ezazu iruzkin bat hemen, blogean, eta ahal bezain laister erantzungo dut.

This entry was posted on jueves, noviembre 14, 2013 at 3:03 and is filed under . You can follow any responses to this entry through the comments feed .

0 comentarios

Publicar un comentario

Publicar un comentario